Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

LONG JOHN SILVER NIRE ERRESKATERA

(TXANPON MAKINA MADARIKATUA)

 

 

Txanpon makinari kea dario, eta rottweiler albinoek, doberman estrabikoek eta tangoa gorroto duten dogo argentinarrek —denak kaleko gaizkile talde endekatuen maskotak— lerdea jariatzen dute, nire lagunaren alabak fruta-ahiaren aurrean bezalaxe. Beti ere halako giro arrarotua sortzen da txanponak eta billeteak urritzen hasten direnean, eta kreditu txartelak garaiz baino lehen limoi zukutuak bezala geratzen direnean. «Ez itzazue nire mahai gaineko nabigazio-kartak ukitu, zenbat bider errepikatu behar dizuet gauza bera!», ari natzaie mentalki gaurkoan ere. Ezin bestekoa dut distantzia mantentzea; zoko hauetan ez dago inorengan fidatzerik. Gogoetak eta erantzunak aldatu egiten dira konturatzerako, ez, ordea, itsasbideak. Berriro aritu nintzen eukalipto lurrunak arnasten, baina nire marrantek edozein neguk baino gehiago irauten dute. Ezker eskuaz On Kixote idatzi nahi izan nuen, baina mukiak isurika nituen argizari tantak bailiran, eta honenbestez gaztainondoko egurrarekin eskenatoki txiki bat eraikitzea erabaki nuen etxeko egongelan eta debozio osoz Shakespeareren obrak interpretatzeari ekin nion ispilu aurrean. Kontrakorik pentsatuko duena izango bada ere, hau ez da nartzisismo kasu bat, edo antzeko patologiaren bat, besterik gabe ahozko, eta gorazarrezko, ariketa da, bai entretenimendurako bai terapia gisa oso baliagarria zaidana, zuek udal kiroldegian abdominalak egiten dituzuen bitartean edo arratsaldea zurrutean ematen ardo eta garagardo botilak bata bestearen atzetik husten, deabrututako mozkortiaren eran taberna zikinetako barrak eta hormak miazkatzen. Foie-gras epela, horixe da Kaliforniatik heldu berri diren nire gonbidatuei zerbitzatzen diedana, eta horrela hasten da festa, denak diskutitzen —ni izan ezik— animalien tratu txarrei buruz eta beste zenbait bertsio hipokrita giza generoaren lorpenekin eta ohiturekin zerikusia dutenak —maisuak gara berritsukeria hutsal izerditsuari dagokionean—. Tira, foie-gras fin eta garestiena, kontrabandozko izokin arrabak, beluga kabiarra, Italiako trufak, matsutake onddoak, vodka eskoziarra, erregaliz eta anis zaporeak maisuki biltzen dituen Belgikako garagardo esklusiboa. Esklusiboak baikara, eta, zalantzarik gabe, mokofinak, eta ezin baldarragoak alkohola musukatzen hasi bezain laster. Hizketa gai aspergarrien zerrenda amaiezinarentzako alorra doiki prestatzen duen aperitibo txoroa, haurtzaindegi aztoraturen batekoa dirudi gure dialektikak, baina horixe da dagoena jende «cool»ak burmuina salbu gorputzeko beste edozein atal operatzen duenean. Gugandik honatago eta kezko hesia den telebistatik haratago hainbeste gerra erreal daude, gizaki izate honetaz erraietaraino ere lotsatu egiten naizela supermerkatuko esneki sailean jogurt sorta anitz eta oparoegien aurrean paralizatuta geratzen naizen aldiro, drogaturik bezala lurrari iltzatuta hainbesteko ugaritasunarekin aukeratu ezinean, erabateko kolapsoak gainditzen nau, batez ere postmodernitatea delako honetan kontraste bortitzen ulertzeko ezintasuna da harritze honen jatorria. Esan dezagun errealitatea bera dela azkenaldi honetan arras gainditzen nauena, errealitatea bere osotasunean diot, hots, paraleloki txertatuta doakion errealitate birtuala delakoa barne harturik. Zeharo neurotizatuta gabiltza, igual da eskoletako jolastoki eta komunetan, handi-mandien ohe, bainuontzi eta zalditegietan, nonahiko berezitasun aipagarririk ez duten auzo arruntetan, apaindegi zatarretan, edo apain eta zatarren kaiola-buruetan. «Ez dut ulertzen txanpon makina! Bizi propioa hartzen ari da! Irentsi egingo gaitu!», garrasika esnatu nintzen lehengoan. Nahasmendu psikiko betean hankaz gora dabilen armada itzela osatzen dugu, eta horixe gara. Hatz horitu okertuen artean azkarregi erretzen ari den zigarreta da gure bizitza, eta halaxe gabiltza. Konbentzimenduz eta iaiotasunez ostikada sendoa ematen badiot txanpon makinari, baliteke bat-batean rock and roll talderen bat amorrazio biziz jotzen agertzea. Batek daki!, gauza bitxiagoak ikusita gaude honezkero; gainera, adiskide, badakizu: Inoiz ez dago jakiterik deus ez dakigula. Horixe da nire gaurko gogoeta-askaria. Geroxeagoko ere baditut gordeta sandwich pare bat (oilasko irineztatua brokoliarekin) nire auzoko neska pinpirinaren (tarteka maitaleak gara, tarteka fursuit saltzaileak) hozkailuan. Beraien jabe kaikuek erabateko maleziaz zirikatutako txakur lerdetsuak —lehentxeago sakabanaturik eta nahiko lasai zeuden piztien animaliak— badatoz begi gorriz nire bila, ziur nagoen arren ez diodala inori deus ere zor, guztiz ziur ez diodala inori iruzurrik egin hainbesteraino obsesionatzen gaituen txanpon makina madarikatuaz baliatuz edo, egunean-egunean lehia bizian gaituen maxina alu hau, eta ez diot inori janaririk ostu, ezta ere zigarro habanarrik, are gutxiago inoren neskalagunari desioz begiratu (hau da hau mundu intolerantea!, eta beldurtia), ze ni beti neurera noa (eta jarrera horixe da gehien molestatzen duena, antza); ez, hau ez da kontu garbitze bat, kainismo hutsa baizik, behin eta berriro. Jakina da bere kasa dabilena susmagarria gertatzen zaiola artaldearen begirada zurrunari, eta artaldeko klanen begiradari, eta artaldeko tribuen begiradari, eta artaldeko sekta, etnia, elkarte, fakzio, kuadrilla eta, noski, gaizkile taldeen begiradari. Azpigenero guztien azken azpigeneroa da bere kabuz dabilen elementua. Muga gurutzatu eta maite dudan kartier aski dotore bateko zinema areto txikian ezkutatzen naiz. Ilunpetan gurutzegramak egiten amaitzen dut eguna desagertzera behartuta dagoen felpa morez tapizatutako butaka zaharkituaren azpian Long John Silverrek isil-gordean bere ron botila eskutik eskura pasatu didan arte —zorionez oraindik bada ulertzen nauenik—, eta horrela hasten da bidaia berri bat.