Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

ORNODUNAREN KONDENA

 

 

neurona-loreak zaurituta ditut

hezur-muinetatik eguzkirantz

irten daitezen borrokatzen dut

baina borondateak hemen

ez du hitz erabakigarririk

 

ornodun hau kondenatuta dago

 

joko zikinean dabilkit zaineria

mezu okerrak modu kaltegarrian mugitzen

nire gorpuztasuna da nire galbidea

minak ezabatu egiten du denboraren lerroa

eta pentsakizun adierazezinekin batera

uzkurtzen ari den gizaki horizontala bihurtu naiz

zutitu orduko atsedenaren bila dabilena

 

metodikoa da krudeltasunaren

jainko mikroskopikoa

eta bere zorroztasunak

ez du bereizketarik egiten

urteetako apustu fanatikoa dirudien honetan

zein ote da bidaia zital honen xedea?

nik ulertzerik ez eta

ulertzeak eragin errealik ez

 

ornodun hau kondenatuta dago

 

gelditasunean bizi naiz

baina bizitza mugimendua da

bizidun gehienek bederen

mugimendua dute ezaugarritzat

haurrak parkean

animalia zoragarriak

garrasika eta algaraka

 

baina metafora ez den

leiho handiaren alde honetan

elegante bezain makal

isiltzen ari da etxeko piano zaharra

nagiak harrapatuta akaso

arrangurak eta izuak akaso

pixkanaka-pixkanaka

irmotasunez

bihozgabeki

 

ornodun hau kondenatuta dago