Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
HAUSTERREA AIREAN
Armiarma sare bilakatu dira musuak
begi gorriak atzeranzko ispiluari itsatsiak.
«Agindupean egiten ditut nire lanak» zioen atzo
torturatzaileak automobilean sartzean,
«gustura betetzen ditut aginduak» dio gaur.
Armiarma sare bilakatu dira giza harremanak
hauskortasuna, baita tranpa ere, eta lo errea,
zigarrokin bihurtu dira atzamarrak
eta edozein motel merketako hautsontziren batean
birrinduta geratuko gara, ezustean, axolagabean.
Lepoa moztuta duen brontzezko gerlari baten estatua;
zein gutxi desberdintzen diren loria eta erridikulua!,
garaipenaren semantika eta zentzugabekeria
plaza nagusian, eta gu geu gara plaza nagusia.
Non geratu ote zen burua?, galderak ziztatzen nau,
auzoko haurrak futboleko baloiari ostikoka dabiltzala.
Pitin bat harantzago, skate parkean,
erlauntzaren antzeko zaratotsa hartzen du bizitzak,
eta bizitza, segundoro, azkarrago doa,
gure artegatasunak abiarazten baitu etenik gabe.
Aginduak jasotzen zituztenek
dominak jasotzen dituzte orain,
bakea ez da inoiz jo eta dena garbitzea izango.
Itsutasun beltza atzeranzko ispiluari itsatsia.
Merkurio putzuan hondoratzen ari gara geldiro
irribarreei eta koroiei etsian eusten diegula
bizitzaren begiei zuzenean so egiteko adorerik gabe.