Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

BROJUAK EGUN MADARIKATUAN

 

 

Balkoian maindirea astintzean

indarrik ez besoetan.

Gure umea izatekoa zena

galdu egin dugu gaur.

 

Balea zaharraren arnas ufada kiratsuak

betetzen ditu etxeko txoko bakoitzaren birikak.

Itsasotik datorren ipar haizeak

ez daki gure bihotzak leuntzen.

 

Maitasunaren branka-ziri gatzatuaren gainean

atseden bila pausatzearekin batera

euren senetik zeharo aterata

bortizki mokoka hasi dira brojuak

elkarri begiak atera nahian.

                             Nazkagarria da ikuskizuna

                             zulatuta daukat arima.

 

Aringarria bada negarra

etor dadila lehenbailehen.

Borondatea besterik ez da

urratsak ematen dituena.

 

Baina ni istinkari eskasa izanik

berriz ere iztuparekin eta galipotarekin

egin beharko dut saiakera

gure ontziko juntak zigilatu aurretik

barruko ur zingiratua

putzu zikin hau!

ondo txukatzea ahaztu gabe.

 

«Aurrerantz egiten da bizitza»

hala esaten diet sarritan besteei

maiz errepikatu ohi dut lelo bera

erruz gorroto ditudan arren berritsuak.

 

Erori eta altxa eta erori eta altxa

tinko jardutera derrigortuta nago gaur

malapartatua ni: itsasarotz kaxkarra!

                             Garrantzitsua den oro bezala

                             bizitza ez da sekula

                             teoria kontu bat izango.

 

Muxu goibelak bailiran

odol markak maindirean.

Berorrekin bildu nahi nuke bihotza

eta txalupa batean bultza itsaso zabalera.

 

Badoaz brojuak hegada baldarrez.

Batzuek begia galdu dute

beste batzuek begiratua eta ikuspegia

beharko ditugu berreskuratu.

 

Lasai indartsu aske

iritsiko da guregana

sortuko guregan

taupada berri bat

                             ontzi kuttun honen malkoak idortu

                             eta zirrikitu zitalenak

                             ganoraz eta adorez ixteaz batera.