Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

KOTOIZKOAK EZ GARENEZ

 

 

Lagunen gitarrak lurperatzen,

hautsez betetako hodeiei aiztoa sartzen,

gorpuzgabea da nire bihotza.

Etereoak dira nigan gehien pisatzen duten

sentipen amorfo hauek.

 

Aurpegi despoten kontra

jaurtitzen ditut izotz-orratzak.

Manipulazioaren festa jendetsuan

egiaren kutxa txikiak bilatzen ditut,

eskuz landutako altxorrak.

 

Blaituta dakarzkit hezur eta gihar asegabeak.

Koipetsua da errealitatearen listu lodia.

Arrastaka ikusten nauzun arren

aspaldian uko egin nion eskean ibiltzeari

eta, nonbait, harritu egiten zaitu horrek.

 

Zain gaude beti gizakiok, beti esperoan.

Zeharkaldi honek badu zerbait onik:

arimaren eskasiak ikusi ahal izateko aukera.

Eskuak ez dauzkat ez loturik ez apurturik.

Nire antzekoa den norbait da nire gidaria.

 

Zuk nahiago duzu asmakizun jokoetan jardun.

Baina parke hauek ez dira oihanak.

Zure mundua zilarrezko argiontziz jantzita dago,

nirean iluntasunak oraindik badaki

kandela txiki aski ederrak pizten.

 

Nik nahi dudanean atera ahalko ditut lurpetik

nire lagunen gitarra magikoak.

Zer da zuk lurpetik atera dezakezuna?

Modako arropak eta hortz zurituak?

Aurpegia irineztatzeko partikulak?

 

Bitxi eta esaldi nekagarriak?

Ideia eta portaera kulunkariak?

Munduan barrena biltzeko era hori

boladan dagoen estiloa delakoan

zaku-lasterketa batean diharduzu.

 

Oraindik ere espaloi gehiegi dago

garbiketa xume baten premian.

Garrantzitsuagoak dira

atzamarrak eraztunak baino,

haize leuna betileak baino.