Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

IRAGARKI SENTSUALAK ETA KALE HOTZAK

(GORROTO DITUT ESTANKOAK)

 

 

Mando-Buru obsesionatuta zegoen zuri-beltzezko iragarki horrekin: neska beltzaran itzela barruko arropaz, sentsualtasunez gorputza luzatzen sofa baten gainean, mudantza enpresa bateko langile estralurtar batek izartegitik jaurti izan balu bezala, edo imajinazio eskaseko publizista hantuste batek atera bere amonaren ganbaratik. Bitartean poliziek gas negar-eragilea jaurtitzen ziharduten eta denok ziztu bizian alde egin genuen norabide desberdinetan, bakoitzak bere buru partikular biologikoki arras kutsatua gainean eramanez derrigorrez; Mando-Buru, baina, ez zegoen erresoluzio goreneko pantaila erraldoi ultralauaren aurretik mugitzeko prest, eta poliziari ez zitzaion batere axola han bertan itoko balitz ere, eta Mando-Buru berari ere gutxi kezkatzen zion auzoko estankora sekula santan berriro ezin bueltatu ahal izatea, eta desira orokor, nazioarteko, kosmiko, unibertsal bihurtutako estrategikoki jantzi/ez-jantzitako lentzeriarekin batera paregabeko gorputz desiragarriaren edertasun zoragarri bezain zirraragarria luzatzen zirauen emakume itzelari are gutxiago axola zitzaion Mando-Bururen zuzen-zuzeneko heriotza —hala balitz—, inoiz ezagutzeko aukerarik izan ez zuen eta izango ez duen alproja kaskagogor hori. Ze benetako zortea izango bailitzateke, bientzat (arrazoi desberdinak direla-eta), elkar ezagutu ahal izatea, diot. Eta nik bere azken paketea neraman azken lau zigarroekin polizien porra beltzei ihes egin, uniformeei listua bota, besoei ausiki egin, izerdiak jasan, erremina begietan, hau guztia Jeronimoren erara garrasi egin ondoren, hau guztia nire neska ez zen nire neska bazter batean salbu laga ondoren (hori zen behintzat nire asmoa), eta lasterketa eroan, nola diren gauzak, besterik gabe gogora etorri zitzaizkidan zenbait esaldi solte mordoilo bezain nahasgarri (dena esan behar bada) aurreko gauean fisika kuantikoari buruzko dokumentalean entzundakoak erdi-lo nengoela, beso ezezagun bik besarkatu nindutenean (batek daki zer intentzioz), ikur eta forma maori bikainak tindatuak zituztenak, Mando-Buru itsututa zeukan iragarkiko neska liluragarriaren kasik erreplika doia zen gorputz emearen osagarri eta luzapen ziren besoak. Baina nirea ez zen nire neska bai zen guztiz erreala (pittin bat errealegia nire gusturako), eta ni ez nengoen obsesionatuta, izan ere ez nengoen batere obsesionatuta; are gehiago, ez nago; (aise ken dezaket gogotik nire buru honetan immanentziarik ez duen oro). Iraganean obsesioak jokaldi makurrak pasarazi zizkidan, eta hori bada berriro nozitzeko prest ez nagoen zerbait, berriro gertatuko ez zaidan zerbait. Ziur (erabat), aurretik eguzki egunak eta euri egunak zain ditudan bezalaxe. Orain nire zerebroak hau guztia derrepentean jaurtitzen du, batzuetan metraileta baita, beste zenbaitzuetan idazluma loti eta nagia, arkatz kamutsa maiz, tarteka zuhaitzetik erori berria den melokotoia baino ez, Mando-Bururena zen azken zigarretari erretzeari ekiten diodan bitartean. Hil egin ote zen edo ziegan epaiketaren zain ote dagoen jakiterik ez. Bion arteko komunikazioa hutsaldu egin da; oro har, aldamenekoa zaidan guztiarekin eta guztiekin beste hainbeste gertatzen ari zait aspaldiko aldi honetan; egunerokoan bizitzen ditudan misteriozko prozesuak. Sentitze hau gero eta sarritasun nabarmenagoz eta zorroztasun handiagoz nigan dudan zerbait izanik, ezin esan hala ere arduratuta naukanik, eta hasiera bateko harridura puntua bere baitan naturaltasun osoz gainbeheran doakit gainera. Erresistentziarik jarri gabe eta inori esplikaziorik eskatu gabe, norberak —etsi onean—, aurtengo Tourreko edizio partikularreko tropelean dagokion tokia onartuko balu bezala. Ahalegina eta asmoak, ametsekin eta desioekin gertatzen den lez, ez dira konparatzeko kontuak. Norbera merkatugai desberdin bat da, horixe da dena, ez dago eta izango ere ez askoz gehiago ulertu beharrekorik. Izan ere, ni neu hil ote naizen edo epaiketaren zain nagoen ere ez dakit, eta deus jakiteko presa berezirik ez badut ere, serioski nago kezkatuta Mando-Bururen paraderoarekin, azken finean nire laguna baita, eta baimenik gabe ari naiz bere zigarretak erretzen. Nire alde, ordea, zera esango dut: Oraindik ere, zorionez, horrelako egite eta kontuak adiskidetasunari inplizituki itsatsita daude. Ez, ez naiz axolagabe ziztrina; Ģez behintzat beste edozein baino gehiagoģ, jendeak esan ohi duen bezala (gorroto dut jendeak esan ohi duena). Niri dagokidanez, jakin ezazue ondo nagoela honela, honela gaur nagoen moduan. Telebista piztu dut eta hortxe agertu zait zuri-beltzezko neska bere gorputz zinbela azkenaldiko era berdin-berdinean sofaren gainean erotismo handiz (gaurkoan hunkiberegia nago nonbait) luzatzen duela. Dena azkarregi gertatzen da, pantailaren bi aldeetan, eta dena errepikatzen; bitxia, ezta? Teoriaren bat norbaitek? Dena errepikatu ere oraingoan, nire oinarrizko lehen erreakzioa izan ezik. Hain jarraian, hain denbora gutxian pantailan neskaren hainbesteko agertze honek publizista aluek bilatzen duten eragina izan al du azkenik nire buruan bete-betean? Edo nire gaurko aldarte kontua besterik ez ote da? Auskalo, ez dakit, eta sakontzeko umorerik ere ez; zigarreta bakarra geratzen zait. Ziurtasunarekin erasotzen nauen informazioarekin jasaten dudan antzeko bilakabidean bizi naiz..., bizi naiz. Bai, oraindik bizi naiz, antza. Non ote dago Mando-Buru? Gorroto ditut estankoak.