Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

ETER EURIA

 

 

igitaia ama-lurraren marruen gainetik hegan

ume burusoil biluziak elkarri begira

matematika formulak telepatiaz trukatzen

begetarianoan mendebaldeko geisha akonfesionalak

maskoten oturuntzari argazkiak ateratzen

Paris Fashion Week-eko pasarelan

aurpegia erreta duten emigranteak txandalez

belauniko klarion puskekin marrazkiak osatzen

hiperrealismoa harategietako beira-paperez bildua

txaloak eta tiroketak antzezlanaren ostean

pantailek ez digute introspekzio bidaiak egiten uzten

ile apaindegiko guraizeak ez dira euren buruaren jabe

urduritzen hasita dago arantzez betetako lorezaina

kanta malenkoniatsuen ordua autoko irratian

desinformazioaren uhinak zuzen-zuzenean

iragazten ari zaizkit etxeko zirrikitu guztietatik

antzar konspirazioa martxan da Lekeitioko kaiko urpean

nire pentsamenduak ez ditu onartzen egungo legediak