Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
TERNUA NIRE BARRUAN;
BADATOR NEGU LUZEENA
1
Existitzen ez diren zure eskuek
nire kopetara jositako ametsak
negu gordineko isiltasunean gauez
itsaso jelatuaren ertzetik pausoka.
Zuk oso gora hegan egin zenuen egunsentian
nik izartegia zeharkatu nuen biluzik
orain animalia lurtarrak besterik ez gara
sabel zurbilak izotz-hondarrean biraka.
2
Ternuan bada urrutiko bazter bat
Flat Island parajearen inguruan
hilobi multzo txiki bat duena
itsasoaren ertz-ertzean
izenik gabeko bi gurutze apurturekin:
Baby Girl eta Baby Boy
eskuz idatzita, besterik ez.
Lurmuturrak eta biziaren loturak
ezabatzen ditu han elurrak.
Esadazu: agure bat,
zakur bat edo mutiko bat
mugiezina den txalupa batean,
zer izan liteke gauzarik txikiena
eremu zabal epiko honetan?
Dena da hain egiazkoa eta arraroa
Ternuari buruz eta zuri buruz
pentsatzen jartzen naizenean.
Ternuako mendebal izoztua
otsailaren gordinenean.
Baby Girl eta Baby Boy
itsasertzeko gurutze apurtuetan.
Ozeano zuria, lur zuria,
heriotza zuria, bizitza zuria.
Agure bat, zakur bat, edo mutiko bat
mugiezina den txalupa batean
hodeiertz infinituaren kontra.
Itsasoa lurra da, lurra ozeanoa da,
eta giza arrainak gara gu:
nortasuna, gogoa, izatea,
denboraren gisa urtzen ari den bitartean
bere jatorrira bueltatzeko.
3
Aeroplanoek nola hegan egiten duten
begiratzen geratu naiz:
memoria oihal-pusken antza dute,
airean zuhaitz meharren tankera,
oinik gabeko eskeleto zurbilak dirudite
esku indiarrek egindako
larruzko oinetakoekin
amets egiten dutenak.
Baliteke ni neu bakarrik izatea
hotz izugarri hau sentitzen ari dena.
Nire buruaren imintziozko
interpretatze bitxi batean sartuta nago,
kontu tristea dudarik gabe;
nonbait ahaztuta laga nuen
eremu zabala arnasteko premian nago.
Nolanahi dela, orain, hemen, lurpean
ehortzitako izakiak dira garaileak...
4
Urrutiko zure esku ņimiņoek
nire kopetara jositako ametsak
asmoak galduta dituen hiri batean.
Oraindik aurkitu beharreko amesgaizto berriak
banaketa akatsen pilaketa, arrunta,
oraintxe bertan asko axola duenik ez dirudiena
telebistako harpetarrek
euren istorioak kontatuko baitituzte, ziur,
eta neoizko argiek mozorroen gainean
flotatuko dute ohiko modu soraioan.
Nik ordea
bizirik mantentzen dut
nire urrezko desioa
ez bainaiz, oraindik ez,
nire siluetaren silueta bihurtu;
itsasertzean zehar nabilela
nire pausoak nire eskuei dagozkie.
Hegan diren aeroplanoak eta
Ternua nire barruan,
hegan diren aeroplanoak eta
Ternua nire barruan.
Agure bat, zakur bat edo mutiko bat
mugiezina den txalupa batean.
Esadazu: nor naiz?
Badator negu luzeena.
Baby Girl eta Baby Boy
ozeano jelatuari begira jarriak.
Baby Girl eta Baby Boy
zoruko ahanztura izoztuan iltzatuak.
Inor ez, inor ez, inor ez.
Bat-batean goialdetik
bi elur-motoren orroa.
Badator negu luzeena,
badator negu luzeena.
Hegan diren aeroplanoak eta
Ternua oraindik ere nire barruan.
Ternua nire barruan.