Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

INPERIOAREN ARNASA

 

 

Kamiseta bustien lehiaketa eta sexu usaina

Miamiko modako klub honetan

egunez inperioaren deskonposizioa eguzkipean

gauez oilategiko gorotza diseinuzko altzairuetan

lentzeria finena eta jokaera zakarrenak elkarrekin

itsas pasealekuan mota orotako substantzia andeatuak

gazteak gara baina ez gara txoroak

kanpotarrak bai baina badaramagu denbora lur hauetan

asfalto eta baldosa arrakalatuetan

txakurrak eta katuak belarriak tente

horrela ez dago lasai bizitzerik

hau ez da guretzako modukoa

gaixotasun pandemiko geldiezina areagotzen ari da

eta makillatua agertzen zaigu heriotzaren aurpegia

jendearen izua eta zoritxarra ez dira postaletan ageri

ezta ere zabor sakabanatuaren eta pixaren usaina

eraildakoen gorpuzkien gainean arnasten du inperioak

eta handikeriaren ispilu diren etxe-orratzak altxatu

bere bigarren azalean, bere isiltasun misteriotsuan

ilargiak tomahawk ohoretsuak gordetzen ditu

plastikozko erreplikez inguraturik gaude gu

eta kamiseta bustien lehiaketez

emakume bularrak forma eta tamaina guztietan

ez ordea giza birika zulatu eta zokoratuak bezainbeste

Eguzki-argiaren Estatuan zein Pelikanoaren Estatuan

igual Urrezko Estatuan edo Izar Bakartiaren Estatuan

egunero morroi fidelak sortzen ditu diruak

eta silikonak ere bai.