Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

EUTSI ENBATARI!

 

 

esmeralda zoragarriak

izar epelen begietan

gogo bizia dut zu musukatzeko

irrikatan nago lastoari su emateko

 

enbata dator mendebaldetik

arraun zaharrak atera beharko ditugu

odola dut zainetan —aitzakiarik ez

kemena dut bihotzean —lokartzerik ez

 

anai-arrebak

zatozte nirekin

hasiera bakar bat ere ez da amaitu

baina egunero akabatu nahi gaituzte

betiko azpikeriak plater berrietan eskainiz

egungo ergelkerien hipotermiaz baliatuz

edozein deskuidutan biluztasunak trenkatuz

 

esmeralda harrigarria

zure zilbor tentagarrian keinuka

gogo bizia dut bide honi bakarrik ekiteko

irrikatan nago giharrak lehertu arte gugan sinesteko

 

kontuz gero eguzkiarekin itsutu gabe

kontuz gero dorre garaien itzaletan hoztu gabe

kontuz gero korridore zurrunetan erotu gabe

kontuz gero nork bere esku-idazkera ahaztu gabe