Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

IGOGAILUKO ISPILUAN

 

 

maitasunaren ezpain idorrak nirekin

igogailuan harrapatuta geratu naizenean

txitxarro erreak prestatzen ari dira nonbait

garrasika ari da norbait

telefonoz negar zotinka nonbait

dutxan alai abesten norbait

 

ispilua botoiak zenbakiak... keinuka dabil fluoreszentea

izango ote da deitura ergeleko koktelak prestatzeaz gain

sentimendu bakoitza dagokion eran izendatzen duenik?

honezkero ez dut ez giltzarik ez ordularirik

eta ez naiz inolako belaunaldiren parte

 

tenorea da samuraiek mototsa motz dezaten

zapata-denda garestiak hartxintxarrez bete ditzaten

igerileku pribatuetan arrain elektrikoak ugal daitezen

 

kapsula honetan nik armiarmak irentsi bitartean

aroztegia bisitatuko du gaur ere piromano lotsatiak

eta beste katu bat eramango du etxera andre jipoituak

 

tiroak eta odola pairatu ezin dituztenentzat

berdinak ez direnen diskriminazioa da

azken aurreko bideojoko antologikoa

 

laku baten hondoan itoko da bestea

honezkero ez dut inor ezagutzen