Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

TENORE URDINA, TENORE UBELA

 

 

Gauero

zirikatu egiten nau Lazarok

platuxak, perloiak, orratzak

nire hareazko bularrean

eroaldi errepikakorrean

isatsak astintzen dabiltzala

anbarezko ordu zeharkaezin hauetan

arbasoen ekaitz-arrantza

sakratuen loriarekin

akabatu nahi dutenak

isilean kresal-lore ederrak

hazten ari zaizkidan bitartean.

 

«Gerokoa ez da gurea»

esaten zuen amonak.

«Baina bai une honetako

bihotza eta adats luze urdina»

dio goiztiriari izurik gabe

nire barne-aho bendatuak

denborak bere odol ubela

isurtzen jarraitzen duela

leiho zabaletatik eta

teilatu puskatuetatik.

 

Erramu adaxka lehorrak

kantu zahar ahaztezinak.

Eta karranka itsasontziak

tinko amarraturik neguko kaiari.

 

Haien errautsen gainean

biluzik flotatzen duten gizaki akituak

ikusten ditut iluntasunean

lur azpian igeri egin nahian dabiltzan

argizari, hezur eta zetazko

ume begirik gabeak

 

Gauero

zirikatu egiten nau Lazarok

baina ikaratia da bere ahotsa

hutsala bere asmoa

nire uhinen artean.