Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

EGURREZKO BALEA

 

 

nire eskutik ur oxigenatua edan du tximeletak

eta zure bular punta gainean pausatu da gero

baina gure piknolepsian

hain urrun sentitzen naiz berehalakotasunetik

ez bainaiz ohartu ere egiten naizen absentziaz

 

kizkurgailuak jarri ditu sagarrondoak

ederki hazita daude artasoroak

dagoeneko esanahi berezirik ez duen

aspaldi hondoratutako ontziaren saihetsak ageri dira

itsasoari irmo heltzen dion errekastoan

 

baina geu gara hemen ezdeusen artean ezdeusenak

uraren eguzkiaren denboraren joanaren eraginez

usteldutako egurrezko zain horiek baino

lehenago ere desagertuko garenez

 

lo dagoen balea gosekila dirudi

ikusi nahi ez gaituen arbasoaren aurpegi bizigabea

padurako lohiarekin bat eginda

urteetan poliki-poliki ezkutatzen joan zaigun arima

 

ez baitu ezer gehiago ikusi nahi inoiz ez berriro

ezta tximeleta hau ere: horia txuria eta beltza

nire eskutik rona edaten duena eta gero

zure beste bular puntan pausatzen dena

ezin arinago ezin leunago

 

sekuentzia neure begien aurrean gertatzen den arren

kloroformatuta nagoela iruditzen zait

jada igarri ezin diren iltzez eta errematxez beteta

hezur guztiak lehertuta dituen

erdi-balea konortegabearen gisara

loturarik ez elkarrizketarik ez

munduaren eta nire artean

 

eta konturatzerako bueltatu egin behar

ordenagailuen burrunba jarraitura

jendetzaren bakardadera

entzungailuen gortasunera

bizkarren arteko kortxozko besarkadara

alaitasunaren otarre lainotsura

 

laster igoko da marea

ilargi betean bizi gara

eta denbora tarte labur baten ondoren

hazi egingo da moztu berria den belardi hau

eta inoiz udako arratsalde bat hementxe

bizi izan ez bagenu bezalakoa izango da