Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

INTIMITATEA BI ALDITAN

 

 

Ustelduak gurutzera iltzatuak

birjinak eta militarrak

ia historiaren bilakaera bihurritzen

aldare eta sakrifizioekin

hutsuneari erantzuna

zitalkeriaren lotsa arrazionala

ehun beldarren desfile militarra

bisturiarekin mingain azpian.

Faltsukeriaz ari gara, ulertzen?

 

Garrasi irrigarrien aterkien babesean

Felliniren zabura igo nahian

jarraika film pornoak ikusi ondoren

eta irakurri autolaguntza liburuak

ezin utzi diozu pentsatzeari

ez zaituela inork deitu

apartamentua laga zenuenetik

arropa perfektua erosi

eta masa-kulturarentzat

ikono edo antzeko zerbait

bihurtzeko asmoarekin.

 

Ospeaz ari gara, noski.

Modernitatearen mutur tristeenean

arriskuko amu kosmetiko hori

gizaki moldakorren gosarian esertzeagatik

uko egiten badiozu zure buruari

munduan zehar ibilita ere

apar berdatsa besterik ez zara izanen

itzulerarik gabeko orbita batean.

 

Itotakoak irribarreak bortxatzen

gorbata marradunen lepoen aurrean

jakin badakizu bezero bat zarela

eta ahozko komunikazioak

ez duela harremanik ziurtatzen

izan gogoan gehienez bi alditan

ezagutuko duzula intimitatea zure bizitzan

isiltasunean ulertuak izatea oihukatzen

bularra hartzen duten sugeak

etengabe sehaskatik erortzen

zirujau plastikoz betetako

diseinuzko jauretxea besterik ez da.

 

Hainbeste zilbor eta zango zabalik ikusi eta gero

orain barne-hezurrak baino ez omen dituzu bilatzen.

Nik diotsut: zure irribarrea zeharo da birtuala

erreala bezainbestekoa zure bakardadea.

 

Gose dagoen bakoitzean

zurea izan zen emazte makillatuak

garrasi egiten du: Urdanga bat naiz!

 

Txakur bat igaro da 7-Eleven baten aurretik

eta indartsua begitandu zait irudia

arruntasun eta kokatu ezin honen immanentzia

eta lur gaineko gasolioa usaintzeko geratu egin da

zurea izan zen emazteak

negar malkotan aitortzen didanean

gimnasiora ez zela gorputza lantzeko joaten

bere espirituarekin mintzatzeko baino

beti goizeko zazpietan

beti aurpegi berberak

izkina bakoitzean telebista bana martxan

MTVko musika-klipak

bata bestearen atzetik ezin ozenago

tramankulu sinestezinen iragarkiez tartekaturik

modaz pasatutako orrazkerekin saltzaileak

eta aktore izandakoak, famatuak batzuk,

«nork ez ditu gustuko aktore izandakoak?» dio

pantaila horiek... kamera zaindariak legez beti begira

debekatutako alkohola eta beldurra

izerditzen zituen bitartean

zure izena aipatzeko gai ez zenetik

«eguna hasteko beste modu bat baino ez» dio

aldameneko kale kantoian

lau donuts irensten dituenaren pareko izate-abuliaz.

 

Zure bakartasuna berreskuratu nahian

berorrekin zer egingo zenukeen ez dakizula diotsut

supermerkatuetan erostezina den bakartasun hori

are gutxiago antolatuta datozen oporretan

azken batean profesio bat izaten jarraitzen du

atentzioa deitzen ibiltzeak

eta zu harrapatuta zaude

existentzia oso bat trajez jantzita

erabateko menpekotasunean

ezin barne-ekintzen munduan berriro hasi

zure esentziaren eta izaeraren aldartea

jada ez dago zure eskuetan

primerakoa da zure gorbaten bilduma

baina landareak eta pertsonak eta ezagutza

zaintzen ez duzu sekula jakin.

 

Gurutzera iltzatutako ustelduen artean

gaizki ulertutako sakrifizioa

zure akidurak eta bilatze ilunak taupaka darraite

zirujau plastikoz betetako

diseinuzko jauretxe garaieneko hallean

maitatzen eta gorrotatzen duzun

mundu inpertsonal honetan

gehienez bi alditan

ezagutuko duzu intimitatea

eta terapeutak ez zaitu salbatuko

non eta azkenean ez duzun

errealitatea aukeratzen

fikzioa elikatu ordez

eta dosiak handitzen doaz

eta dosiak handitzen doaz

gurutzera iltzatutako ustelduen artean.