Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
BIHOTZAREN PREMIAK
Baltsamatutako bihotzak
ibiltzeko premia du
hesituta daukaten lau pareta zurrunekin
behingoz gatazkan aritzeari laga.
Euriak zulatu ez dituen lau bizkar dira
milaka urtetan zutik iraun duten lau harresi.
Hostoak badoaz hegan
baina sustrai errotuentzat
amets helezina da arintasuna
bizitza isolamendu gela denean.
Baltsamatutako bihotzak
ibiltzeko premia du
ahaztuko baitu bestela bere sena
eta bere izaeraren arrazoi egingo
basamortuko apar zikinak
ilunpeetako garroak eta
sitsak jandako alkandora beltzak.
Berezkoa duen barne erritmoa
berreskuratu behar du
gustuko liburua irakurtzen
ariko balitz bezala paseatuz
patxada osoan inorekin lehiarik egin gabe.
Eta irakiten ari den olioan zenbait oihartzun ito
eta mahatsondoak zaindu
eta amore ematear dagoen orkidea mimatu
eta ezpelak kimatu
eta menda-belar infusioak edan
eta sendotu zentzumenen arteko harremana
erleekin eta birigarroekin eta katagorriekin
eta ardo botilak lixiba botiletatik bereizi.
Baltsamatutako bihotzak
garraztasun urdindua garbitzeko premia du.
Eta liho-bendak ziba-korda bihurtu
uzkurdurak gaindituz
adimena eta ezpainak askatu
eta zoko goibelenak argiztatuz
erraien adarrak lorarazi.
Hegaldia izatekoa bada bizitza
kidearen eskuak berraurkitu
kidearen hatzak zaindu
beso gaiztotuak trenkatu.
Eta itsasondoko leiho irekietan
hoztasunak astindu
arnasari gozoro zaporea hartu.
Birjaio. Eta segi ibiltzen.