Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
KANTUAN KARDAMIRUAK
Badira zine eskolak eta idazle eskolak
ez dut bereziki maite gimnasia erritmikoa
nazkatu egiten nau inguratzen eta gainditzen gaituen
eguneroko gehiegizko dramatizazio geldiezin honek:
burezur forma duten ordenagailuak mahaietan
azeri tranpak kale-txakurrentzat
itxurazko dadaismoaren zale kartsuak
euren diseinuzko taberna eta terraza aratzetan
imintzio neurritsuez elkarri plazer mengela ematen
ezerezaren interpretazio zehatzak buruz ikasten.
Egidazue fabore bat: etzan zaitezte
hondarretan belarretan goroldioan lurrean
eta entzun ahalegin faltsurik egiten ez duen haizea
gaur oraindik gutaz barre egiten ez duen hegazti hori.
Badira eskolak gastronomia sofistikaturako
dirutzazko unibertsitate masterrak
goi-mailako lapurretan trebatzeko akademiak
gure lanari nola egin trufa
sagar saskia zizareez nola bete
nahiago dut borroka greko-erromatarra
Tourrean txirrindulariak Pirinioak eta Alpeak igotzen
Giroan txirrindulariak Dolomitak eta Alpeak igotzen
edertasuna dago paisaian
edertasuna dago esfortzuan eta sufrimenduan
edertasuna dago gizatiarra dirudien guztian
eta barne hartzen gaituen naturan.
Nire xurgagailua ez da robotikoa
laketgarriak zaizkit espartzuzko erratz xumeak
oztopoz beteta dago egiarantz daraman zirkuitua
baina ausardiarik baduzu beti jakinen duzu irri egiten.
Nahiago dut balleta
ondo egindako gauzak miresten ditut baina ez ospea
ustelduta ez bada pozoituta datoz azukre koxkorrak
ate birakariak kristalezko orratzak
kode selektiboak belusezko jauregietan.
Badira zine eskolak eta idazle eskolak
badira finantzen mundua eta apustuen mundua
ikaragarrizko etxe-orratz erraldoiak
Domus Aurearen erreplikak Neronen nostalgikoak
inposaketa eta makurtzea bilatzen duen sekta berri bat
harrokeriaren tribuna koloniaz bustitako arratoiez gainezka
erudizio faltsua politika faltsutuak
puzten doala arrandiaren kupula
gero eta jarraitzaile berri gehiago ditu
igelen eta ornitorrinkoen arteko orgiak
eta azkarregi bikoizten dira biktima zaharrak
eta azkarregi hondatzen bezero arrunten ongizatea.
Deskonposizioari kantuan kardamiruak.
Elurrez inguratutako borda isolatu bat.
Aztoramen eta erakuskeriarik gabeko denbora.
Hortxe egon nahi dut. Horra iritsi nahi nuke.