Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

ZAKU URRATUA URETAN

 

 

Hau bada dena

has gaitezen berriro

Hau bada dena

ezer gutxi lortu dugu

orain arte

Has gaitezen berriro

has gaitezen berriro

bukaeraren hasieratik

Ze

gure begiek

euriaren zain dauden

manikiak baitirudite

Eta

giza organoen salerosketan

beherapenak iragarri dituzte

Ustekabean

luxuzko yate batek

aingura bota du gure xaian

eta anai-arreben LP zaharrak txikitu

Mendira

joateko asmoa nuen

baina mendiak

desagertu egin dira

gu konturatu ere egin gabe

Nonahiko

pantaila horien eraginez

elbarritu egin gara

Hain zuzen

jakin nahi nuke

zenbat balio duen gaur

hondurastar baten giltzurrunak

heriotza-zigorra ezarri dioten

txinatar baten gibelak

atxilotu eta anestesiatu duten

siriar baten birikak

Izan ere

jelaz betetzen diren baineretan

odolez gainezka dauden horietan

aingura botatzen dute

luxuzko yateek

Eta

hau bada dena

miseriari eta lotsari

ondo amarratuta gaude

Hau bada dena

ezer gutxi lortu dugu

Has gaitezen berriro

has gaitezen berriro

bukaeraren hasieratik