Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

ZURE ZAIN

 

 

Hemendik begira ari naiz, aita,

adi-adi begira buruko brankatik

uhinen mugimenduetan betirako kulunkan

geratu diren hegaztien luma zuri eta beltzei

gure itsaso zabalaren oihal aldakorrari.

 

Kafe kikara beroa prest dudala

sukaldeko sabaizulotik zuri zubira pasatzeko

adi-adi begira nago buruko brankatik

baleen atunen izurdeen dotoreziari.

 

Noiz paratuko ote didazu eskua berriro

itsasoa den nire ariman?

indartsuagoak baina umilagoak ere egiten gaituen

uhin zakarren arteko dantzatze eternal honetan.

 

Zira eta aurpegia bustita dauzkat osorik

sonarraren eta beste maxinen zarata itoa iristen zait

oin puntetan jarrita deika ari natzaizu alferrik antza

inoiz ez bada ere deus alferrikakoa izan gure artean

inoiz deus ez baita izan alferrikakoa itsasoan.

 

Hortentsia more urdin urre grisez jantzitako itsasoa

erretxinazko pentsamendu zailez bernizatutako itsasoa

negar zauri neke itxaropen eta ametsezko itsasoa

zu bezalaxe atsedenik ezagutzen ez duena

 

zu bezalaxe hauskaitza, zu, aita-patroia,

hainbeste familiaren ogiaren erantzulea

beti itsasoarekin borrokan beti xake partidan

bataren sena jakinduria ausardia bestearen legea.

 

Kasketaldietan gobernaezina

barealdietan sehaska kanta goxoen iturria

ezinbestean gorrotagarria derrigorrez maitagarria

haur jostalaria eta piztia menderakaitza

 

                             lehen orain beti

                             itsasoa, aita, itsasoa.