Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

AZKAZAL MOZTUAK

 

 

Bereziki bakarrik

etsipenez elkarrekin multzotuak

histerismo eta antsia betean

besteen aurrean nabarmendu gabe ezin geratu

premia larrizko gailendu beharrak eskutik dakartza

ziurtasun eza, zalantza, zaputza.

Azkazalak mozten komun zingiratsuan

ardo koparen ondoan goizeko hiruretan

horrela bizi ohi gara gizatiarrok

izu ezkutuzko animaliak

arrazoian itotzen garen txorimalo makabroak.

Arima aztoratuak ezinbestez

pertsona galduei dagozkienak dira.

Dena simulazioz, dena aproposekoa

berez nahiaz kanpo, izatez azalutsa

mugimendu, keinu, berba, isiltasun tarte bakoitza,

janzkera bakoitza, biluzte bakoitza.

Gehiegikeria oro gertatzen zait hagitz espresio gabea.

Nire bidea jarraitu beharra daukat

senari segituz bestelako mezuei baino

senari segituz desioen aginduei baino,

azkazal moztuen gainetik

guraize kurbatuen gainetik

izara eta mahai-zapi aratzekin bildutako

gibel kirasdunen gainetik.