Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

GRAFITEATUTAKO GAREZURREN MILURTEKO LOA

 

 

arrosa hostoak

gaueko autobide amaiezinetako euri tantak

belardietan ezkutatutako ziraunen begi horiak

deskodetu beharreko hieroglifiko egiptoarrak

estepako otsoen aurpegi liluragarriak

nire hatz markak

 

errimel arrastoak irensten dituzten konketak

eta alkoholezko malko lodi mingotsak

eta konorte nahasiaren lerde adierazkorra

bata bestearengan lagatzen ditugun ondareak

grafiteatutako garezurrak

garrasi itoak erdi erorita dauden fabriketako hormetan

gasolinaz bustitako biografia-koadernoak

metxeroa telefono mugikorraren aldamenean

antsia kontrolaezinaren hedapena

jolas parkeetako abusuak

asfaltoaren kontra izterrak larrutzen dituen neskatoa

kaleko iturriekin hitz egiten duen mutikoa

arduragabekeriaren hondarrak

esnifatzen dituzten gurasoak

herri bakoitzaren kopetan

gizaki bakoitzaren gibelean

mingaineko zainen artean

nor zaren ezin duzu ezkutatu

zure espirituak ezin eskularrurik jantzi

hatz markak

 

ekaitzaren bular sendoa zeharkatzerik ez dago

hitz gozoz eta diplomaziaren amarruz

ez gara guztiz ahaltsuak

amets ildaskatuak

gogamenaren zerrautsa

denbora zati zehatz bat

espresio-denbora mugatua

gramotan bizi gara

atomo aldakorrak dardaraka

mikroskopioaren lenteetan

txikitasunaren nanotasuna

hatz markak

 

ipar haizearen konplizitatez galdu zintudan

metalezko hariz aritu naiz barneak josten

orain apar-harrizkoak ditudan organo horiek

lizunez estalitako eskutitz zokoratuek

noizbait behar bezala hitz egingo didate agian

bitartean hemen justifikazioa ez da hizkuntza bat

trakets apaindutako ezkutalekua baino

zehaztasunez neurtutako esaldi eta isiluneak

enteleguaren azerikeriaz baliatzen diren

izaera koldarren joera aurresangarriaren

oinatz mekaniko baldarrak dira

antzerkirako jaiotako bihotzen bafa

zenbat eta lurrin gehiago are eta jasangaitzagoa airea

benetako sormenak benetako nortasuna eskatzen du

maitasunak maitasuna

hagitz oinarrizkoak izanik

oso sinpleak baitira pertsonaren sentipenak

alegiazko konplexutasunek

ogi orearen misterio bera daukate

okaztagarriak zaizkit gainontzeko aitzakia-lengoaiak

eta bitartean lapitzezko mundua

ezpain-lapitza begi-lapitza

hamar lapitz eskuetan

grafitozko liraintasun lausoa

arinkeriak asmakizunak soslaiak

bozetoak diseinuak zirrimarrak

eta bitartean marfilezko armiarmak

izerdiz belztutako burko higatuen gainean

hatz markak

 

trafiko istripuak buruan

burdina okertuak

gorputz konkortuak eta figura zurrunak

espaloietatik begira

segundo bakar batean iragan eta etorkizun oro

unibertso zabalaren mehetzea

ardura eta kuriositate sanoaren anorexia

eta baztertuentzako estalpeak

eztarri desesperatuak

bideo zaintza-kamerak

zakurrentzako uhalak

aluminiozko geziz ehizatutako hontz zuriak

akerrak haurdunak kolpatzen

sabelak

kristalezko arrainontziak

hatz markak

 

haur-koro bat abesten

zaharren egoitzako eskaileretan

koadro bat iruditzen zait ikusten dudan guztia

auskalo zenbat mende daramatzadan

banku honetan berean eserita

milurteko loa milurteko esnatzea

badakit profanatutako ehorzlekuak garela

betaurrekoak galdu dituzten galtzak eta gonak

xaboi burbuilak

desagertu egiten diren globo koloretsuak

hotz izanik ere sentitzen dudana

aise arnasten dut epeltasuna

dozenaka ateren ukabilean

dozenaka leihoren saihetsetan

egunero gauero

nire hatz markak

 

tarteka antilope bat nire parean

edo ezezagun bat zigarro eskean

beti ere ni neu besteengan

trikua orkatza hartza

zuhaitzen gerriak laztantzen ditut

inoren soan ez nagoenean

horrelakoetan bi bider bizirik sentitzen naiz

agian hori da zoriontasuna

haritzak haginak lizarrak

askatasuna nire enborrean inprimatua

pagoak urkiak gaztainondoak

zentzua hartzen du ukimenak

naturaren bakean geratzen dira

nire hatz markak

 

bat-batean hondartzan

bufalo zaurituak

plastikozko baloi zulatuak

lumak adarrak erroak

arrainak eta katuak tripaz gora

negu gordinean ez nau inguratzen beste ezerk

nire mugaren gainean

makilaz marrazten dut zirkulua

bertan geldirik geratzen naiz luzaro

marlaxken esperoan

une horretan otutzen zait

azken finean

ez ote naizen

beste norbaiten

hatz marka