Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

AMARRATUTA

 

 

udazkenero nago

nire hilkutxari amarratuta

itoa harkaitz bati bezala

agurea gaztaroari bezala

 

erotu egiten gaitu zaratak

zorabiatu arritmiak eta presak

naretasun erregaitzez

ereiten ez baldin badugu

isiltasun hazi gehiago

elkortu egingo zaigu

berdatu ezinean urtaro gehiegi

eman dituen larrea

 

egunez egun

desio zaharraren legera

garen iragankortasunean

uju egiten dugu erruz

dagoeneko lur-gaina

lur-azpia balitz bezala

eta urduritasunaren zipriztinetan

baldarki ispiluaren korneak aldatu

ilargiaren distira suntsiezinean

egunkari paranoikoak

bilakatzen dira ametsak

iluntasun itxia ebanjelio modernoak

erbi itsutuek ezin ikus ditzakete

gorputz gorrien aho hegalariak

 

banbuzko sehaska eta

ilerik gabeko panpina

hankamotz irribarretsua

aurkitu ditu arloteak zaborretan

euriaren zain segitzen du

buztinezkoa dirudien

nire begitarte arrakalatuak

 

itsaso zakarrari amarratuta

dago udazkenero

nire hilkutxa