Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

ONGI ETORRI ABERATSEN AUZUNERA

 

 

Hiribidetik beherantz noa

arrebak egindako jertsearekin

sukarra babestuta.

Aberatsen auzuneko

apartamentu honetan

ez dira sekula falta

anfetaminak eta kakahueteak.

Fraide apostaten apain-mahaietan

falta ez diren bezala

azido lisergikoz betetako

flaskoak eta ur bedeinkatua.

Gaueko errege bilakatutako

santuen aldare pribatuetan

higiezinetako inbertsioez

mintzatzen dira ezker eta eskuin

ordenagailu bitartezko kirol apustuez

erosteko asmoa duten sedan berriaz

eta bikotekideak nola eta norekin

engainatzen dituzten disimulurik gabe.

Kanpoko isiltasunera bueltatzea

besterik ez dut desio

eta nire sukarra libreki paseatzea

arrebak egindako jertsearen besarkadan.

Baina aberatsen auzuneko

apartamentu honetan

gonbidatu aratza

eta menekoa naizenez

nire nortasuna eta

nire borrokak eta

nire aldarrikapenak

gorde egiten ditut

salako alfonbra persiarraren azpian.

Sortzen zaidan galderak ez dit

besterik entzuten uzten:

Aitzakiarik gabeko gizagaixo

guztiz koldarra naiz

ala gaindituta naukan nekeak

zuritu egin dezake

nire harrizko presentzia?