Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

ISILTASUNERANTZ

 

 

mila urteko hegaztien sinkronia batean

hezurrezko mendilerroaren gainetik egin zuten hegan

urrezko maskarez jantzita egin zuten dantzan

 

kolore biziko soinekoak zapiak beloak

aurpegiak haztatu zituzten arimek

huraxe zen agur esateko modua

 

denboraldi baterako gorputz-aldentze bat besterik ez

amaierarik gabeko arnasketa jarraitua da-eta

izakien arteko kateamendua

 

haizea garenez haizearekin altxatzen gara

ura garenez urarekin elkartzen gara

milaka urtetako errekastoen sinkronia mehean

 

geldoa eta pixkanakakoa da benetako ulermena

horrela ehuntzen da garen unibertsoa

geure esentziak berak babesten gaitu

 

orain haritzezko kutxa batean

atseden hartzen ari da isiltasuna