Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

GURE HEGALAK

 

 

ez du memoriarik zure eskutitzak irentsi zituen hareak

ez du entzun nahi hizketa xurgatzen dizun paretak

arbolaren azalak ez du onartuko zure iraganaren egia

erotasuneranzko bidaia gerta liteke gaualdiko leizea

bere buruarekin larrutan ari den gaurko gizakiak

beldur dio heriotzaren musuari izua bizitzaren ezpainei

 

«zoriontsua naiz» ahoskatzea ez da zoriontsua izatea

sorkari hezigaitzak kondenatuta daude eskolan

ohiko lezioek eta aginduek ez dakarte ikaskuntzarik

sarritan bereizi ezinezkoak dira nagikeria eta fanatismoa

itxura batean kalterik batere gabekoa da

botereak jositako doktrinamenduaren janzkia

 

lanketa arduratsuak saiatze zorrotza eskatzen du

eta loezinaren kaiolak sosegua esne epeletan

eta irudimen indartsua eta askea

denborak pazientzia galdatzen du bitartean

eztabaida sutsuek gogoa lausotzen dute

mingainaren labak mozten burubidea

 

erreka izoztuaren lepo gainean idazten ari naiz

zubipeko zaborren artean arnasten ari naiz

edertasun desberdin baten bila aztarrika ari naiz

aldi berean garaileak eta garaituak izate honek

busti eta mengel bihurtzen ditu gure hegalak

aise dabilen arren zangorik ez du haizeak