Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
MONTREALGO KAI ZAHARREAN
Denborak sagardo beroaren zaporea eta geldotasuna dauzka Montrealgo kafetegian. Neska quebectarraren ezpain zurixkek hiria estaltzen dute osorik. Kastore larruz egindako lepoko bat ukitu dut lehendabiziko aldiz, eta orduantxe ulertu haren prezio debekuzkoa. Antzinako itsasontzi batena omen zen zapaltzen ari garen zurezko zola. Elurrak zirkuluetan erortzen segitzen du. Dagoeneko badira bi ordu, eta leiho bakarra. Zer da konexioa?, zer harremana?, zer kontaktua?, zer ukipena?, txikotarik gabeko loturan, korapilorik gabeko elkartzean. Komunikazio mehe honetan desegin egingo naiz... Baina oraindik ez! Elur malutak dasta ditzaket hemendik. Zuhaitz jakin bati buruz eta ibai bati buruz ari gara hizketan. Adar kiribilak, izokin iheskorrak. Nola sustraitzen dira bestearen begiak norberaren begietan? Nola errotzen izateak bata bestearengan? Arrabak bota eta denbora gutxira hiltzen omen dira izokinak, gogoa geldo geratu zait irudi horretan, baina bare etzanda gu bion gorputzetan. Arnas lasaigarria da denbora paretako erloju handian. Bizitza besarkada denean, kate eta eskeleto guztiak itsasora erortzen dira inoren eginahalik gabe. Gure oinek ez dute botatzar hauen beharrik. Bada tren-geltokian kontsigna bat nire altxorra gordetzen duena, hementxe daukazu giltza; orain, barkatu, alde egin beharra daukat.
Urteak dira norbaitek halako zerbait esan zuela Niagarako ur-jauziei begira geundela: «Ez da pertsona soilik, momentu egokiarekin ere bat egin beharra dago». Festaren erdian ehorzketa txikien sentsazio bitxi hau... Ongi dakizu zertaz ari naizen, ezta?
Denborak sagardo beroaren zaporea eta geldotasuna dauzka Montrealgo kafetegian. Urteak igaro badira ere, ze, konturatu edo ez, ia egunero nago Montrealgo kai zaharraren gainean. Eta irrist doan arraina da denbora. Gure botatzarrak zurezko zola higatuari lotuta. Orain, kikara sendo zurietan kafea hartzen dihardugu. Atsegin dut objektuak pisutsuak izatea. Psikologo asperturen batek azter lezakeen zerbait da hau. Arraroa gertatzen da neguaren gorrienean Bob Marley paraje honetako kafetegi zahar isolatu baten aire itxian flotatzen aritzea. Atsegin ditut kontrasteak. Hau psikologo alienatu batek iker lezakeen zerbait da. Askatasuna ez da jostailu bat, desioa ez da jostalekua. Ehorzketa berezi hauek, ordea, ez naute bereziki penatzen, inoiz ahanzten ez baditut ere. Bizipenen taupada bizkorrenek beti aurkitzen naute gutxien espero dudanean. Prozesu horrek, bai, gertatze horrek joko bat dirudi.
Arrastiriak otzan luzatzen ditu bere besoak jada ilun dagoen Montrealgo kai gainean. Tximinia ondoan jarririk, sabela garai batean itsasoak zeharkatu zituen zuraren gainean etzanda, artzain-zakur zuri-gris batek ingelesez eta frantsesez egiten du amets. Eskultura bat dirudi. Uneko bakearen eskultura. Neskak ez du eskaini diodan giltza onartu, kontrara, bere etxekoa erakutsi dit; animalia txiki bat bere esku zurbil, mehar, luzeetan... «Ez da pertsona soilik, momentu egokia baizik».
Batzuetan, tokia bizi dezagun, momentuak bat egiten du pertsonarekin. Beste batzuetan, momentua bizi dezagun, pertsonak bat egiten du tokiarekin. Horrelakoetan gutxi axola, eternitatea hustasunez betetako putzu metafisikoa bada! Horrelakoetan gutxi axola, milioika urtetako bilakabidean naturaren zein gizakiaren nekearen tantek betetako zuloa besterik ez bada!
Elurrak zirkuluetan erortzen segitzen du, eta irrist doan arraina da denbora. Sagardo beroaren eta kafearen zaporea gozoro, miragarriki nahastuta neskaren ezpain haragitsuetan. Zentzumenak gerarazten dituen segundo amultsua da eternitatea.