Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
MUGAKO ENBAXADAN AFARIA
Agurtu ditugun hezurduretan
belusezko kapelak eta pamela exotikoak.
Protokoloak bete ondoren bagoaz
kandelez edertutako mahai handira:
animalia hesteak eta legatz arrabak,
orojaleak dira gure espirituak.
Gozoro heltzen zaigu pianoa: Clair de lune, Debussy,
eraginkor bezain baregarri edozein unetan.
Baina odol lodiko hariak handitzen ari dira
gure zapata dotoreen barnean
goroldio legenduna osatuz.
Habiatik kanpo dagoen arrautzaren modura
mundua kraskatu dela jabetzen gara,
halako huskerietan gure arreta ez ipini arren.
Badirudi harrera afaria ez dela inoiz amaituko,
fintasunez urrumatzen gaitu errepikatzen den doinuak,
atsegina zaigun hura —eta deus ez besterik—
entzutera behartzen gaitu gure estatusak.
Sintaxi zarpaileko mezu dorpe etsietan
bilduta daukagu arrain usteldua,
ez da postrea gugan gehien irauten duen zaporea.
Zabaltzen jarraitzen du goroldio legendunak,
eltxo-euri zaparrada gure eztarrietan,
lorategian dardaraka tulipak.
Nahiz eta inor konturatu ere egin ez den
badira zilarrezko koilaratxoak lapurtu dituztenak,
badira bizitza errugabeak trenkatu dituztenak.
Begirada sutsuak eta begirada hotzak aurpegi mirritan,
soineko gorriak eta soineko beltzak gorputz arinetan,
lepo luze lirainak etengabe dantzan,
burdinazko esku lodiak isilpeko berbetan.
Nire zentzumen nekatuetan: ilargi zuria.