Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Ternua nire barruan; badator negu luzeena
SABAIKO HATZ MARKA KOPETAN
Eguzkiak ezin du izozkia jan,
ilargiak ezin du lo hartu,
tantak uretan igerian dabiltza,
azalak miragarria zaidan moduan
gorputza bere osotasunean estaltzen jarraitzen du.
Giza gurutze forman etzanda nago lurrean,
tupustean okil bat sartu da sarraila-zulotik eta
indarrez mokokatu nau bularrezurrean,
deus kontatu ez diodanez amore eman duen arte.
Nork nahi du benetan egia jakin,
hau porrota denean, eta maitasun pittin bat,
eta atomo desorientatuak, eta ezer gutxi gehiago?
Hazten ari da konplexutasunen trinkotasuna,
hustasuna bi eskuez elikatzen darraiela.
Hartu-emanetan galvanizatzen zait nerbio-sistema
eta argi izpia sukalde hutsean sartzen den erraztasunez
badira garuna zeharkatzen didaten daratulu ankerrak.
Desegin egin dut nire gurutze forma zurruna,
zutitu egin naiz pixkanaka,
minduta daukat bularraren erdigunea.
Lekak zuritzeari ekiteaz batera
zuhaitza den nire burura igotzen ari zait haurtzaroa.