Aurkibidea
Aurkibidea
Urteurren ospakizunak ederrak izaten dira: egindakoagatik poztu, aurrerantzean biziko dugunagatik topa egin, aspaldiko bidaideekin elkartu, lagun maiteen lagun maiteak ezagutu... Eta horixe da, hain zuzen, kaier hau: festa, oparia, esker ona, trukea, tranpolina.
2014an, Beñat Sarasolaren gidaritzapean, Munduko Poesia Kaierak bilduma martxan jarri zen —egitasmo zoro eta aldrebesa ausaz, Beñatek berak orduan adierazi bezala—, mundu zabaleko poesia behinena gurera ekartzeko helburuarekin. Hasiera hartan sei poetaren antologia bana euskaratu eta kaleratu zen urtean, eta 2018az geroztik urtean lau antologia plazaratu dira. Hamar urteko ibilbide honetan, beraz, 50 poetaren lana ezagutzera eman du bildumak: 40 kaier 2021. urtera bitartean, Beñat Sarasola gidari zela, eta beste 10 kaier Maialen Berasategik eta Isabel Etxeberriak 2022an zuzendaritzaren lekukoa hartu genuenetik gaur egun arte. 50 poeta, 15 hizkuntzatan aritu zirenak, 45 itzultzailek euskaraturik. Edo, bestela esanda: 3.200 orrialde, 85.000 bertso-lerro, 5.350 gramo poesia.
Bada, efemeridea ospatzeko, bilduman ohi ez dugun bezala jokatzea pentsatu dugu: biziei omen eginez. Izan ere, MPKko kaierak antologiak dira; poeta baten lan osoaren argazki orokor bat eskaintzea dute xede. Hori dela eta, obra bukatua duten poetak soilik argitaratzen dira bilduman; gure kaiera argitaratu eta gero idazten jarraituko ez dutenak, alegia. Gordin esanda, poeta batek MPKn kaier bat izateko, hilda egon behar du. Hala, bada, orain arteko 50 kaieretan bidaide izan ditugun itzultzaileei bizien poesia itzultzeko aukera eskaini nahi izan diegu oraingoan, eta proposatu diegu bizirik dagoen gustuko poeta bati gorazarre egitea, haren poema bat itzuliz.
Esku artean duzun kaier hau da emaitza: 39 poeta, 39 poema, 39 itzultzaile. Italian hasi eta Nigerian bukatu, geografia urrun zein hurbiletan aritu dira bila gure 39 mandatariak: Iranetik Eskoziara, Asturiasetik Libanora, Haititik Vietnamera... Eta hamabi hizkuntzatan sortutako 39 poema ekarri dizkigute opari, euskaraz irakur eta goza ditzagun. Antologia apetatsua da hau, bai, partziala oso, baina egiatia eta adierazgarria, collage aparta baita azken hamarkada hauetan munduko txoko batean eta bestean gizakiok kezkatzen, hunkitzen, oinazetzen eta zoriontsu egiten gaituzten gaiei erreparatzeko. 1936an jaioa da hautatutako poetarik zaharrena, eta 2003an jaioa gazteena. Haietako bakoitza bere talaiatik eta bere ahotsaz mintzo zaigu, ozen, gaur, hemen.
Maialen Berasategi Catalán
Isabel Etxeberria Ramírez