Giorgos Seferis (1900, Urla, Otomandar Inperioa – 1971, Atenas, Grezia) gazterik erbesteratu zen: haren familiak, beste familia greziar askok bezala, Anatoliatik alde egin zuen Turkiako Independentzia Gerra betean. Gerora ere, urte askoan, aberritik urrun ibili zen lan kontuengatik, ibilbide luzea egin baitzuen diplomaziaren munduan (kontsul eta enbaxadore, besteak beste). Eta jaioterritik aparte ibiltzeak zeharo baldintzatu ohi du jaioterriaren ikuskera. Seferisek berekin eraman zuen beti bere lurra, baina, beste zenbait autorez bestera, ez miraz eta nostalgiaz, edo ez miraz eta nostalgiaz soilik, baizik bere oinaze eta ezin-ulertu guztiekin: “Noranahi bidaiatzen dudala ere, Greziak zauritu egiten nau”. Egeo itsasoa eta paisaia mediterraneo idorra presente daude ia une oro haren poesian, eta paisaia horretan, berriz, itsasontziak, eta antzinako greziarren hondakinak.
Ontzia, hain zuzen, ezinbesteko irudi gisa darabil erbeste eta bidaia istoriootarako, baita erromesaldi maiz “hutsalek” nahitaez zor duten bidaldirako ere: itzulerarako, alegia. Horra hor itzuli nahia, itzuli ezina, itzuli ahalaren gogorra eta are trauma, eta itzulera batzuen norarik eza: “Berriro ontziratu ginen gure arraun hautsiekin”…
Antzinako greziarren hondakinen harri puskak, berriz, geografikoa ez ezik tenporala ere baden distantzia baten lekuko. Adituek diote Seferisek ezin hobeto uztartu zuela bere garaiko errealitatea hala mundu klasikoarekin nola mito homerikoarekin. Baina uztartzea baino gehiago izan zen, agian, mundu horiek denak lotzen dituen jostura argitara ekartzea; izan ere, Seferisentzat dena zen segida bat: ez zegoen etenik antzinako Greziaren eta bere garaikoaren artean.
Horra hor, errealitatearen teatroaren eta mitoaren egiaren artean, Odiseoren mamua, horra argonautak, horra Salamina eta Troia, eta Helena izeneko “itzal” hori, eta itzal horren gainean piztutako gerraren sufrimendu absurdoa, heriotza alferrekoak, osteen gainbehera, ondorio betiereko eta ez batere epikoak, Seferisen bizialdiko mamuen eta gerren ezpal beraren zur. “Itsasontziko guztiak hil ziren, baina itsasontziak portutik abiatzerakoan zuen asmoarekin darrai”.
Greziako 30eko hamarkadako belaunaldiko kidea izan zen Seferis, garrantzitsuenetakoa eta internazionalenetakoa (Nobel saria ere eman zioten 1963an), besteak beste Odysseas Elytis, Nikos Kazantzakis eta Giannis Ritsosekin batera (hain zuzen, belaunaldi hartako bigarren poeta dugu Seferis bilduma honetan, Ritsosen antologia izan baitzen 27. liburukia). Harengan eraginik handiena izan zuten idazleen artean da beste poeta greziar nabarmenetako bat, Konstantinos Kavafis. Eta orobat T. S. Eliot. Ez alferrik, sinbolismoa sakon jorratu zuen Seferisek, betiere gertaera partikularrak, tokiko historia eta jokaleku eta objektu erreal jakinak unibertsalizatzeko, dimentsio poetiko orokorrago batera eramateko. “Baina estatua horiek egiazkoak dira; hantxe zeuden, neronek ikusitako paisaia batean”, ohartarazi zion bere iruditeria eta sinbologia indartsuez galdetu zion kazetari bati.
Gaur arte, apenas zegoen haren obrarik euskaratua (Koldo Ruiz de Asuak argitaratu zituen ale batzuk Senez aldizkarian, eta Joan Inazio Goikoetxea Gaztelu-k ere bai bat Olerti aldizkarian). Maite López Las Herasek multzo osoago bat dakarkigu orain, inspirazio eta zorroztasun harrigarriz itzulia.
Maialen Berasategi Catalán