Spray
Spray
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-27-0
azala: Lander Garro
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2006, nobela
2004, poesia
 

 

THE PARTING GLASS

 

Kai ondoko aldapan gora joan ginen, langarrak laztan,

eta pubera sartu aurretik atzera egin zidan begiradak,

urrun ikusi nuen Toraigh irla bisitatu berria, oso urrun,

itsasoa eta zeruaren arteko mugan balea baten antzera.

Olatuak gero eta zakarrago zebiltzan olgetan,

bazirudien gupida barik irentsiko zutela lur zati hura,

edo itsasoak azken kolpe batez ekarriko zuela betirako

lehorra hasten zeneko kanposantu abandonatura.

 

Pub zaharrean, ohiturak lege, edan eta abestu egin genuen,

sutondotik zohikatz errearen usaina giroan itsatsia zela,

barreak eta isiluneak tartekatu egiten ziren doinuetan,

poesia debekatua, iragan ukatua, borrokaren akorduak,

amodioak, derrotak, tristurak, oinazeak eta garaipenak,

haiek guztiak batu zituzten musika koktel hartan,

gaua ahanzturaren kontrako botika ederra bihurtuz.

 

Mendetako enbaten erdian Toraigheko itsasargia bezala,

halaxe etorri ziren euren ahotsak gau hartan, harro,

belaunaldi guztien bihotzeko apaletan gordetakoaren berri

guk izan genezan eta hurrengoek izan dezaten,

agurraren orduan The Parting Glass abesten hasi ginen:

 

So fill to me the parting glass

good night and joy be with you all