Spray
Spray
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-27-0
azala: Lander Garro
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2006, nobela
2004, poesia
 

 

DALIREN MARGOLANEN AURREAN

 

                                        Garcia Lorca is dead & gone

                                        Bullet holes on the cemetery wall

                                        The black cars of the guardia civil

                                                                    Spanish Bombs

 

Ezin dut ukatu Daliren lan batzuek liluratu egiten nautela

tripi erdia eta 11 zerbeza hartuta banengo bezala.

Irudiek dantza egiten didate burmuineko bazterretan

eta halako plazer zoro bat jabetzen da nitaz.

Ezin dut ukatu, gezurra esango nuke bestela, lagunok.

 

Baina dantza zoragarri horren musika gelditu egiten da

Garcia Lorcaren aurpegi atsegina gogoratzean,

Garcia Lorcaren begirada horretan

beldur ikaragarria imajinatzean,

fusilen ahoak aurrez aurre ikusiko zituenean:

burdinaren hotza, hiltzaileen barreak, tiroen sua.

 

Inoiz izandako uda sargori, krudel, odoltsuenean,

T.S. Eliotek neutraltasun orria sinatu zuen udan,

W.H. Audenek fronte antifaxistara eramango zuen

motxila prestatu zuen uda hartan,

Francoren aldeko blueshirt irlandarrentzat

ereserkia idatzi zuen W.B. Yeatsek.

 

Bai, Daliren margolanen aurrean

Garcia Lorcarekin akordatzen naiz,

ezin diot Arteari bihotz barik begiratu,

kultur komisarioak begiratuko lukeen hoztasunez,

Garcia Lorcaren ipurtzuloan sartu zuten

pistolaren ahoa bezain hotz.

 

Baina benetako begiak ez ote daude bihotzean?