ASPALDIKO LAGUNEI BISITA
Ganguren aldeko gandorretatik ibiltzea gustukoa du,
halakoetan ez du etxean ezer esaten
errieta egingo diotela badakielako.
"Sasi arteko bidezidor horiek ez dira
83 urteko agure batentzat"
errepikatzen diote behin eta berriro,
"inoiz labain egingo duzu, seko jausi
eta hilda topatuko zaituzte".
Debekua dela-eta, bestelako aitzakiak bilatzen ditu
eta, autobusez heldu ostean, tipi-tapa abiatzen da gora
pinudiak baino gorago dagoen zabalgune batera,
sasien artetik erabat ahaztuta oraindik ikus daitezkeen
Burdinazko Gerrikoaren aztarnetara.
Gerra egunetako hormigoizko plataforma batean jesarri
eta inguru hondatuetara begiratzen du:
lurpeko pasabidera doan sarrera, metrailadore habiak,
tuneletako aireztatze zuloak...
eta harri handi eta zapala, goroldio orbanez josia,
egun ikaragarri haietan batzuetan euren bazkalekua zena.
Orduan akordura etortzen zaizkio lagunak,
gandor horietan bere ondoan azken hatsa eman zutenak,
eta zerua ezin urdinago badago ere
zirimiri antzekoa igartzen du begietan.