MEMORIA GARA
memoria garela dio poetak, memoria hutsa,
inoiz ixten ez den halako oroitzapen bilduma bat
hezur-haragizko maniki baten barruan
bizitza, haizea lez, gure aurretik paseatzen da
leun, zakar, busti, lehor... batzuetan,
bero, hotz, mantso, zoro besteetan,
hegotik zein iparretik datorren jakin barik
laztandu edo jo egiten dizkigu ezpainak,
atzamarrak, lepoa, bularra edo begirada,
eta batzuetan, bat-bateko labankaden antzera,
bihotzeraino heltzen da, isilik, aldarrikatu barik
min hori, plazer hori, barru-barruan itsatsi
eta zer garen zehazten digun akordu meta da,
noiz, nori, zergatik eskainiko diogun besarkada,
musua, bostekoa, baita ukabilkada eta amorrua ere
memoria, bihotzaren iparrorratza