Spray
Spray
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-27-0
azala: Lander Garro
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2006, nobela
2004, poesia
 

 

ZAZPI URTEKO AITA

 

                                    Un gélido silencio en la Diagonal

                                    anuncia la llegada del frente nacional,

                                    Barcelona ciudad abierta

                                    ya no tiene quien la defienda...

                                                                          Viva Durruti

 

 

Kanta horrek zuri-beltzeko argazki bilduma batera narama

eta orrialdeak ibiltzen ditut astiro esku artean,

kea, beldurra, samina... gerra giroa islatzen da haietan,

eta jende mordoa agertzen den batean gelditzen naiz begira.

Gure aita, orduko zazpi urteko ume bat, ezagutu uste dut

Areatzaraino ekarritako arrain karga banaketaren aurrean.

 

Argazkiak dakarren une haren ostean, agian, sirenotsak,

hirian bonbardaketak iragartzen zituzten garrasi luzeak,

eta, izuak jota, nora ezean sakabanatuko zen jende artetik

aita, beldurrez, arineketan irudikatzen dut aterpe bila

leherketetatik ahalik eta babestuen egoteko,

zerutik, euria barik, oinazea zetorren egun haietan.

 

Robert Caparen argazkiak dira Bilbon 37ko udaberrikoak,

Artxandako frontean erresistentzia oro jausi baino lehen.

Udaberri hura amaitu aurretik negu eternala berriro,

hiria irekia izendatu zuten, ciudad abierta, defentsagabea.

eta zazpi urteko gure aita kale desolatu haietara begira

ekain odoltsu hartan isiltasuna hautsiko zuten otsoen zain.

 

Kantaren amaieran begiradak argazkitik alde egiten dit,

aitaren ume begi haiei darien etsipen gordin eta isiletik,

gure seme-alabak olgetan dauden txokora joateko.

Euren ahotsak, barreak eta algarak eta entzuten ditut

bihotzean sirenotsak ari zaizkidan bitartean.