NON LURPERATU BAINO, ZELAN HIL
gure gorpuak, gure hilotzak non lurperatu
edota erraustu ondoren non zabaldu
batzuetan hizpide izaten dugu, amets
musikan, literaturan zein afaloste hordituetan
eta leku zerrenda luzeak aipatzen ditugu
hala nola, erabat zoratuta utzi gintuen pagadia
itsasora begira gozatu genituen belardi malkartsuak
idazle gogoangarri haren hilobitik gertu
mendi tontor haren ondoko amildegian
harrespila edo trikuharri baten erdiko zuloan
lehorretik milia pare batera, olatuen altzoan...
denok nahi omen dugu
halako amaiera erromantiko bat,
baina azken arnasaren osteko minutuetan,
gure larruazalean zehar hotza nagusi dela,
usteltzeko bidean diren haragi kilo batzuk
eta hezur bilduma bat baino ez gara
beraz, aitortzen dut,
haragi-hezurrezko soineko hori
nirea ez den momentu horretan
non lurperatu non erraustu
edo Mugarrako putreen bazkarako
erabiliko ote duten
bost axola didala
benetan ardura didana zera da:
azken arnasaren une ikaragarri horietan
nor izango dudan ondoan,
maite nautenek
maite ditudanek
eskutik heldu, musukatu,
eta laztanduko ote nauten
horrela bada
lasai bilduko ditut begiak,
maite nauten horiek
maite ditudan horiek
betazalen barruko ilunpean inprimatuta
geldituko zaizkidalako
momentu zoriontsuen argazkiak bezala
eta orduan joango naiz