Spray
Spray
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-27-0
azala: Lander Garro
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2006, nobela
2004, poesia
 

 

MERKATALONTZIEKIN AMETS

 

alanbre-hesiaren atzetik gizon irakiar bat

lur mortuan belauniko, umiliatua,

erabat itsu utzi duen txano luzea buruan jantzarazia

 

iluna begien aurrean, are ilunagoa patua,

eta iluntasun horretatik zuzentzen dituen bere eskuek

semea izan litekeen ume bat babesten dute altzoan,

eta honen aurpegian, malko eta hautsaren artean,

beldurrak desitxuratutako begirada jausia

 

halako giza lokatz bat egungo G.I. Joe berrien aurrean

 

oinaze eta beldurraren begirada sarriegi errepikatzen da

mundu osoko bazter guztietako argazkietan

noiznahi eta nonahiko gernika berrien irudietan

 

eta, gura barik, gogoan dantzan dabilzkit

gerra zibileko umeen zuri-beltzezko irudi ikaragarriak,

panpina altzoan eta maletatxoa eskuan, atzera begira

atzean izua, atzean familia, atzean laztanak...

nora zihoazen jakin barik

ontziratzen ari ziren bitartean

 

baina zenbat gernika berri margotu diren

margotzen ari diren gu arduratu barik,

Bagdadeko horma txikituetan

Gazako harresi lotsagabean

nonahiko gerra guneko bazterretan

 

Seven Seas Spray, Habana eta halakoak

historia datu huts bihurtu ote dira?

 

hala ere,

kirol portuez gainezka dagoen kostalde honetan,

iragana oroitzeak argitalpenetan besterik

eragiten ez duen kostalde honetan,

merkatalontziek utzitako uberari begira

hainbat bihotz zahar orduko umeen begiradaz

ikaratzen dira oraindik ere

 

eta amets egiten dutelakoan nago,

ubera berbera horretatik

gernika berri horien umeak dakartzaten

merkatalontziekin amets