KANTU ZAHARREN SEGADA
Voll Damm honen erdia edan ostean
zigarrotxo bat isiotu eta,
barra atzeko botilen artera doan ke urdinari begira,
ohartu barik hausnartzen hasi naiz
zelan gerturatzen garen oroitzapenetara,
zelan argazkiak eskuratzen ditugun noizean behin
akordu horiek gure bizitzan presente segitzeko.
Ez dago txarto, pentsatu dut bigarren zerbeza ahoratuz,
baina badira iraganari heltzeko bestelako bideak,
bizi izandako emozio-parajeetara eramaten gaituztenak,
hala nola gure memoriaren dialean
ezkutuan dabiltzan doinuak, melodiak, abestiak...
Eta horregatik sartu naiz taberna honetara:
Ulises itsaslamiek nola, halaxe erakarri nau
bat-batean taberna honen barrura,
bihotza iraganean olgetan hasi zaidala,
bafleetatik zetorren kantu zahar eta ezagun horrek.
Begiak bildu, zigarroa ezpainetaratu eta,
abestiak zirauen bitartean,
gozatu egin dut bat-bateko plazer hori,
edozein argazkik ekarriko lidakeena
baino indartsuagoa, zoragarriagoa...
Eta eskertu egiten dut jukebox propio hori,
dardara batean jar nazakeen jukebox horren lilura,
memoriaren eremu gero eta ugertuagoetan
halako segada epel eta gozoak eragiten dituena,
bizitzaren soinu banda apal
baina ikaragarria osatzen didana.