Spray
Spray
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-27-0
azala: Lander Garro
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2006, nobela
2004, poesia
 

 

McDAID'S

 

McDaid's pub, guinnessa eta zigarro isiotu berria,

zurrutaden artean turisten irudiak zetozkidan gogora,

Ulysses erosi berria poltsatik atera, bularrean pausatu

eta argazki kamerari irribarretsu begira jartzen ziren

Joycek Dublinen kokatutako pasarteen plaken inguruan

 

"Ulysses Tour" gogoangarria Dublinen,

Stephen Dedalus, Leopold Bloom... eta zu zeu!

zigarroaren keak ezin hobeto adierazten zidan

turista irribarretsuen irudia:

mamuen atzetik dabiltzan ehiztariak

 

baina mamuen bila aritzea lan antzua izaten da,

denborak gupidagabe deuseztatzen du dena,

eta lekuen izenak besterik ez dira geratzen,

toponimia huts eta hotz baten antzera,

maite dituzun idazleen lan eder haietatik

 

alferrik bilatuko duzue Joyce Dublinen,

Pessoa Lisboan, Bukowski L.A.n, Hemingway Parisen,

basamortuan ur jauzi bat topatzeko zori berbera,

 

zoazte Aresti biltzen zen La Concordia kafetegira

eta auzo lotsa eragingo dizuen bingo-kasino bat

agertuko da zuen begi literaturzaleen aurrean

 

idazle haiek hil egin ziren,

euren maitaleak, lagunak zein putak bezala,

eta eurekin batera,

halakoxea da bizitzaren patua,

liburuetan aipatzen zuten mapa sentimental guztia:

klub, taberna, hotel, errepide eta enparauak

 

zigarroaren kea astiro bota nuen ezpainen artetik

zeharkako begiradaz McDaid's hartako bazter batera,

Brendan Behan, zurrutadak lagun,

idaztera jesartzen zen orduko bazterrera,

keak Brendan Behanen irudia sortuko zuelakoan

 

eta berak, ahots etilikoaz,

nire barrenetik zera esan zidan:

baina oraindik sinesten duk mamuetan?