JIRAFA TIROKATUA
pubeko jabeak mesede egiten diola esan digu,
bere ohiko tximino harro ahotsaz,
Kolonbia epeletik etorritako halako neska batek
putetxe batean amaituko zuela bestela,
beraz, hobe bere negozioan, kale gorrian baino
ondoren, ron botilen alboan daukan argazkiari heldu
eta begirada distiratsuaz erakutsi digu
hauxe da, diosku, Fanny, 27 urte
hortxe dago Fanny, tximinoaren besoen artean,
honek behartutako "uniformea" jantzita:
errape ederrak tenkatzen dituen top horia,
short urdinkara eta takoi luzeko zapatak
bazterrotan, aizue, benetako mesedea egin diot,
diosku, kolonizatzailearen irribarre kristauaz,
besterik egiten ez dakitelako
denok dakigu soldata miserablea ordaintzen diola,
eta, itxi aurreko ordu txikietan, pattarrak harrotuta,
harroxko aitortzen du larrua jotzen diola
nahi adina aldiz atzeko biltegian
barra gainean utzitako argazkiari berriro erreparatuta
Afrikako oihan ederretara joan zait gogoa,
halako beste irudi bat sortu da nire begien aurrean:
jirafa tirokatua ehiztari zuriaren bota azpian