ZELAN DISEKZIONATU
MUSU LUZE BAT EZPAINETAN
literaturaren gaineko lizentziatura
eta haren inguruko bestelako ikastaroak
eginda dauzkan kritikari honek
amodiozko poema zoragarri hori hartu eta
musker berezi baten aurrean balego bezala
disekzionatu egiten du odol hotzean
itsasoak hondartzara ekarritako izurde hil bati
egingo lioketen autopsia bezain hotz
eta poema hori emozioa eta desioa bada ere
erloju zahar baten antzera ireki nahi du
bitartean
maitaleek
mihiak saman olgetan ari direla
elkarri
xuxurlatzen diote
poema hori