BILDOTS HARROTUAK
They say immigrants steal the hubcaps
Of the respected gentlemen
They say it would be wine an' roses
If England were for Englishmen again
Something about England
badira Boterearen oinetara makurtzen direnak,
Jauntxoen graziarik gabeko grazien aurrean
barre faltsu eta patetikoak antzezten dituztenak,
Poliziaren edozelango kontroletan
bildotsen kortesiaz erantzuten dutenak,
inkisidore berrien eskuak musukatzen dituztenak,
lankideen gainetik eskrupulurik gabe pasatzen direnak
halako horiek guztiak,
burua hutsik, bihotza harri,
harrotu eta oldartu egiten dira gehienetan
eurek baino maila txikiagoa dutenen kontra,
katu batek sagutxoa akabatzen duen balentria berberaz
halaxe ikusiko dituzu kalean, tabernetan,
CD piratak saltzen dituen etorkinarekin tratuan,
miseria negoziatzen,
duintasunari popatik ematen,
larruazal beltzeko mutilari
euren giza miseriak ordainarazten