FREE SELF SERVICE
a lot of people won't get no supper tonight
a lot of people won't get no justice tonight
Armaggideon Time
Urdaiazpiko egosia, magdalena paketeak, okela xerrak,
tomateak, laranjak, esne tetrabrikak, solomoa, batidoak,
donuts kajatxoak, sardinak, madariak, pizzarako orea...
Hori guztia eta gehiago eskuratu dute
halako free self service berri batez
supermerkatu ondoko kontainerretatik,
saiak ardi hilen inguruan bezala, hara bildu direnek.
Bertolt Brechten poema bat izan zitekeen
29ko Depresio Handiari buruzkoa,
New York Cityko auzune txiro batean kokatua,
baina ez, hiri honetako paisaia da, ordu jakinekoa.
Iraungipen data pasatua daukan janaria
sakabanatu egiten da miseriaren bazterretarantz
iluntzeko ordu isil eta iraingarri horretan,
zabor biltzaileen kamioiaren bisitaren aurretik,
eta zubipean, bankuko kutxazain edo elizako aterpean
zabaldu eta banatu egingo da.
Beraz, nork esan du poesia sozialak
dagoeneko ez daukala lekurik?,
iraungipen data agortu zaiola?
Seguruenik, halako kontainerretara
hurbildu beharrik ez daukanak,
edo are okerragoa oraindik,
bihotzetik burura doan konexioa
aspaldi iraungi zaionak.
Zure begiradak ere
free self service une horretan
saihestu egiten du kontainerra?