Spray
Spray
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-27-0
azala: Lander Garro
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2006, nobela
2004, poesia
 

 

SPRAY

 

astindu egizu spray hori, astindu

eta ekarri poema horiek kale hustu hauetara

raparen erritmoaz, punkaren amorruaz

edota rumbak ekartzen duen swing gozoaz

 

astindu egizu spray hori eta idatzi

haiku eder eta lehergarriak kantoietako hormetan

olatuen moduko lerro luze-luzeak bankuko kristaletan

borobil itxurakoak langabezi bulegoko leihoetan

tren, metro edota bus horien gaineko iragarkietan,

labankada, tiro zein musuen antzerako poemak

 

astindu egizu spray hori eta idatzi kaleotan

preso batek ziegako horman idatziko lukeen bezain libre,

edozein instituzioren subentzio eta baimen barik,

ez Heineken ez FNAC ez Arantzazu ez Coca-Cola,

unibertsitateetan lizuntzen diren

literatur irakasleen babes beharrik gabe,

kanonei begira fikzioa eta ez-fikzioa eztabaida antzuetan

masturbatzen diren kritikarien oniritzi behar barik

 

astindu egizu spray hori eta idatzi

inoiz abandonatu behar izan ez genituen kale hauetan,

kultura cool-ture edota cold-ture bilakatu den egunotan,

izeberg erraldoi eta dotore bihurtu diguten hiri honetan,

quieres actuar en el FNAC?

quieres colgar tus cuadros en el mcdonalds?

quieres leer tus poemas en la sala multiusos de la BBK?

bosteko horiek amua gordetzen dute ezkutuan

 

astindu spray hori eta poema liburu bihurtu hiri osoa

black baudelaire irratikasetean hil ezazu aita,

idatzi behar ez dena idatz ezazu

bazooka baten erritmopean

eta alde egizu, MTVtik at kantan lez, kultura otzanetik,

mass media erraldoiak inoiz larrutuko ez dituen eredutik,

Boterea laztantzen duen zirkulu sasi intelektualetik

 

ez al duzu oraindik ikusten

stablishment otsoak Bambiz mozorrotzen direla

7 euroko billeteak baino

faltsuagoak diren kultur partyetan

euren soldata ederra errazten dieten medioentzat?

matxinoak baztertu eta otzanak goraipatuak direla?

jostailu apaingarri estetiko hutsak saritzen dituztela

kultura makillatuaren garaiotan?

 

astindu egizu spray hori eta idatzi

kale hustuotan, gau honetan

munduaren azken gaua balitz bezala,

ez duzu hotz ikaragarri hau igartzen?

basamortu honetako gauak inoizko hotzenak dira