TATUAJEA
tatuatu aurretik jadanik hor zegoela diost,
larruazalaren azpian, momentu egokiaren zain,
eta azkenean Barnako halako zapatu arratsalde batean
rumba erritmopean eta kosto usainez jaio zen
hori aitortu ostean harro erakutsi dit tatuajea,
ubarroi bat hegan olatuen gainetik,
eta hari begira geratu da une batez, isilik,
gerrian lotuta daukan pintore-buzo zikinaren gainean
zigarroaren errautsa jausi zaiola ohartu barik
ordutik, bere ubarroiaren itsasoak enbata asko nozitu ditu
eta enbata horietatik hainbat hondoratze lekuko,
itsasotik urrun zeuden ziegetan porturatuta,
lau urte eta hogeita bi egun,
badakik zenbat sexu galduta?, diost,
eta irribarreak agerian utzi dizkio
nikotinaz zikindutako hagin eskasak,
halakoxea duk bizitza, mareak bezalakoa,
itsasora irten eta zer topatuko jakin barik ibiliko haiz,
tatuajeak berriro harrapatu dio begirada
ubarroia izan gura nian, dio zigarroa ezpainetan,
olatuen gainetik libre, inolako muga barik,
han eta hemengo kalatxotan etzanda,
baina begira bizitza benetan zer den,
begira zer bihurtu garen...
moila zikineko ahate gatibu eta zaborjaleak