OINAZEA
kristala hormaren kontra txikituko litzatekeen moduan
halaxe apurtu dira burdin hesira jaurtitako loreontziak,
eta horren ostean garrasiak, gero eta ozenagoak,
elefante zahar hil hurren baten orroen antzekoak
gizon bat belauniko jarri da hesiaren atzealdean,
bere eskuak lorontzi puskatuen artetik gelditu ezinik,
eta adurra darien ezpainetatik garrasika hasi da berriro
film bateko berba batzuk etorri zaizkit orduan gogora:
ez dakit oinaze ikaragarria dutelako zoro ote dauden
ala zoro daudelako oinaze ikaragarria duten
belauniko, garrasika eta negarrez segitzen du
bere arimaren ispilu bihurtu diren puska txikituei begira,
beharbada bihotza holaxe daukalako,
hamaika zatitan birrinduta