Spray
Spray
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-27-0
azala: Lander Garro
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2006, nobela
2004, poesia
 

 

AMAREN AMETSA

 

                          When it's summer in Siam

                          and the moon is full of rainbows

                          when it's summer in Siam

                          and we go through many changes

                                                      Summer in Siam

 

—Berarekin amets egiten dut —esan zidan

ezpainetan irribarre batez.

 

—Ez dizu tristurarik ematen?

 

—Tristurarik? —erantzun zuen—,

inondik inora ez. Zergatik?

 

—Badira urte batzuk hil zela —esan nion—.

Faltan igarriko duzu agian.

 

—Bai, baina ezkondu ginenean

bezain guapo agertzen zait:

orduko ezpainak eta begirada hura...

 

—Ondo, ama, baina esnatzean?

zelan zaude esnatzean?

negargurarik izaten duzu?

 

—Ez. Amets horietan ondoan izaten dut,

autoan gaude, auskalo nora bidean,

zerua urdin eta zabala izaten da,

eta ni ondo-ondoan jartzen natzaio,

badakizu, maitemindu berriak bezala,

laztandu egiten diot ile bihurria

eta saman musukatzen dut luze-luze...

 

ikaragarri ondo esnatzen naiz.