DILDO
ni ez naiz poeta sport bat
C. E. Ferreiro
Poesia mailu bat dela esan ziguten,
etorkizunez kargaturiko arma ikaragarria
eta horixe izan beharko litzateke, zalantza barik:
injustiziaren hormatzarrak zulatuko lituzkeena,
ahanzturaren aurrean ispilu lotsabakoa,
oinazearen aurrean laztan luze bat,
eguneroko miseriak, faltsukeriak edo egia aitorrezinak
agerian utziko lituzkeen erreminta zehatza,
eta zergatik ez,
bihotzera doazen estolderiak libratuko lituzkeena,
buruaren ziega estankoak arrakalatuko lituzkeen mailua.
Poesia mailu bat dela esan ziguten, idatzizko lehergailua,
horixe izan beharko litzatekeela zalantzarik ez daukat,
baina bizi garen mendebaldeko
merkatalgune itzel honetan
sarritan pentsatzen dut
masturbazio propiorako
bibradore bihurtu dugula poesia
dildo dildo dildo...