FALLEN ANGELS
Porco Dio, Stéfano ha muerto
La Parca se ha llevado a Tamburini
Nivel 30
Parkarekin ibili ziren dantzan
gerritik tinko helduta,
punk-rocker gazte azeleratu haiek
bafleak lehertzen ziren egun ez hain urrunetan
Afrodita sutsuaz mozorrotutako Parkarekin,
gaueko azken dantza balitz bezala,
txortan etengabe, bizitzaren azken sex astindua
gauzatu beharko zuten maiteminduen antzera
plazerezko pantera zuri, eder eta hilgarri harekin.
Basquiat-en Fallen Angel hura etortzen zait gogora
larruazalean fokuek eragindako izerdia
zain ubel eta zulatuetatik zetorren egarriaz nahasia,
milaka watio, pogo basatia eta laztan kimikoak,
huraxe guztia koktel ikaragarria, lehergarria,
huraxe guztia gure kultura liburu ofizialetan sekula
agertuko ez diren nire Herriko punk-rocker haien
musu desitxuratuetan
begirada erotuetan.
Reggae del vómito haren akordeak
izan litezke akordu hauen soinu banda
azkenean, irteerarik gabeko autopista gozatu ostean,
Straight to Hell clash song hura furgonetako kasetean,
erroien puta ederrari ordaindu behar izan zioten
eta Erioski bidaiak betiko eraman zituen.
Neoizko argietara begiratu beharrik gabe
aldarrikatu nahi nuke
amodioa eta gorrotoa irudi berean batzen zirela,
su ikaragarria zegoela
momentuko agintarien ondoan irribarretsu jarri barik,
argazki ofizialetarako modelo salduak bezala.
Nire bihotzeko irratiaren dialean
noizean behin bilatzen ditut
memoria erabat ugertu baino lehen
nondik gatozen jakiteak lagundu dezake-eta
nora goazen zalantza horretan
fallen angels, fallen angels!
erroien bazka bihurtuta...