POETAK ETA BANDERAK
My pen is a weapon
Peadar O'Donnell
Mahmud Darwish poetaren hileta argazkiari begira nago.
Hilkutxaren gainean bandera palestinarra ipinita daroa
eta dozenaka esku hura ukitu nahian dabiltza:
Hil ezina zara, Darwish, hil ezina gure bihotzetan!
Ez dakit zeinek esan zuen
banderak poeten hilkutxen gainean jartzeko direla,
Herriaren poeta hilak janzteko,
Herri osoaren besarkada, laztana,
maitasuna adierazteko direla.
Eta nik ere halaxe uste dut:
banderak oihal margotu hutsak dira
ez badaukate herri oso bat atzean,
borroka duina alboan.
Argazkiari begira nago, begiak bahituta,
eta photoshoparen beharrik gabe esan liteke
Mahmud Darwish poetaren hilkutxa hegan doala
laztandu nahi duten eskuen itsaso horren gainetik.
Eta begiratu horretan zera etorri zait gogora:
badira beharrezkoak diren banderak
eta are gehiago
badira Herriaren bandera merezi duten poetak,
poesia arma ikaragarria izan daitekeela
erakutsi duten poetak.