IRAIL URRUNEN
OROITZAPENAK
samatik pasatu nion dutxako ur epela
eta handik bizkarrera, gerrira eta izterretara,
berriro gora eta bular aldera bideratu nion,
handik isuri zen, bular aspaldi hustuetatik,
erreka otzan baten moduan, sabel aldera
berak esku ahurrez ura hartu
eta behin eta berriro
aurpegira eraman zuen,
gozo zegoela esan zidan niri begira,
eskertu egiten zuela freskura hori,
egun hartako sargoriak eragindako izerdiaz libratzea
bainurako xaboiaz esponja busti ostean
astiro eta leun laztandu nion azala
eta horrela goitik behera luze egin ondoren
lepo bustian musukatu nuen,
berak begiak bildu eta eskua bilatzen zidan bitartean
irail urrunen oroitzapen gozoak ekarriko zituen akordura,
masusta helduak, txakolin freskoa
eta maitearen ezpainak...
dantzarako kanta zahar baten doinua hasi zuen ahapetik
esponjaz laztandu eta berriro musukatu nuen saman,
herioak eraman baino lehenago,
gure aita zenak egingo zion bezala.